Aritz Galarraga kazetariak izenburu horren pean (
"Despacito y con vaselina") bildu ditu "Ai ama!" saioan gertatutakoarekin lotutako hausnarketak. Kontua da ETB1eko saio horretan gaztelaniaz aritu zela elkarrizketatu bat, Rafael Amargo. Hona hemen ironia fina darabilen pasarte bat:
Baina, lagunok, ez al gara konturatzen, hizkuntzaz beste, Rafael
Amargoren gisako izar bat, munduan ezaguna bere, zera, bere, tira,
Rafael Amargoren gisako izar bat gure telebistan ikusteko aukera
paregabea izan dugula? Ez gara konturatzen ezin berdinduzko zortea izan
dugula intelektual handi bat gurean izanda, flamenkoaren mundua goitik
behera ezagutzen duena, kapaz dena Camaron, Pepe Habichuela eta
Tomatitoren ondotik Las Ketchup aipatzeko, «el euskera es un señor
idioma» esan ostean, euskararen sortzetiko zailtasuna aldarrikatzeko,
esanez euskaraz jakiteko bertan -Euskal Herrian? EAEn? Donostian? Ai, ama!-ko
platoan?- jaio beharra dagoela? Honbre, ez gaitezen izan esker
txarreko. Manolo Escobar ekarri izan balute, tira, baina, Rafael Amargo
eskaini digutela, eskerrak ematen ari beharko genuke oraino.
Read more...
Zenbat euskara jakin behar du langile batek, eguneroko lanean euskaraz egin ahal izateko? Zenbat, bezeroei euskaraz atenditu ahal izateko? Pentsatzen dugun baino gutxiago. Askotan mekanismo sinple batzuk jartzea baino ez da. Elkarlana euskaraz egiteko bilatzen ditugun oztopoak honakoak izaten dira: nola hasi? Nola eta noiz aldatu hizkuntza? Zein egoeretan? Nola egin aurre egoera horiek sortzen dizkiguten lotsa eta deserosotasunei?
Programa honetan, langileak bere lana euskaraz bete ahal izateko ezinbestekoak ikasiko ditu, hau da, bezeroen arreta euskaraz egiteko behar beharrezkoak direnak, eta enplegatzaileek eta euskal lankideek ikasketa hori errazteko, sortzen diren oztopoak gainditzeko teknikak ikasiko dituzte. Enplegatzaileek eta lankide euskal hiztunek tresna erraz batzuk erabiliz, asko lagundu ahal diezaiokete lanean euskaraz egiteko ikasten ari den langile bati. NEL (Nik ere Euskaraz Lanean) ikastaroan, enplegatzaileek, euskal hiztun lankideek eta euskara ikasi nahi duten langileek elkarrekin ikasten dute lanean eta zerbitzuetan nola egin euskaraz, guztien satisfazioa eta kalitatearen optimizaziorako.
Langileentzako ikastaroa: 14 saio, bi ordukoak bakoitza. Bertan, oinarrizko hizkuntza tresnak ikasiko dira.
Enplegatzaile eta lankideentzako ikastaroa: 4 saio. Ikasten ari den langileari prozesu hori errazteko nola lagundu ikasiko da.
Ikastaro hau guztientzat da irekia eta bereziki egokituta dago euskararen eremutik kanpo datozen langileei. Ikas-materiala euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eskaintzen da.
INFORMAZIO BILERA IREKIA: 2012ko maiatzaren 24an, 17:00 h, Tolosako Udalean Informazioa eta izen-ematea: Euskara departamendua 943 69 74 53
Antolatzaileak: Tolosako Udaleko Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Batzordea
Saioen emaileak: BANAIZ BAGARA elkartea, EMUN Koop. E.
OHARRA: Argazkia Banaiz Bagara elkartearen blogetik hartu dugu.